hitzaldiak
Naturguneen arteko
arrakalak eta zubiak
Azpiegitura berdea eremu naturalen, erdi-naturalen eta beste ingurumen elementu batzuen sarea da, modu estrategikoan planifikatua, eta zerbitzu ekosistemiko ugari emateko diseinatu eta kudeatua. Azpiegitura berdeak maila askotakoak izan daitezke —parke natural handietatik hasi eta mikrohezeguneetaraino—. Betiere, sare planifikatu baten parte izan behar dute eta berdegune hauen kudeaketaren helburu izan behar du bertako ekosistemen funtzionaltasuna hobetzea.
Euskal Herri mailan ere ez dugu erronka makala. Azpiegitura berdeen sarea nola antolatu? Nola hobetu euren funtzionalitatea? Galdera honi erantzuteko ekosistemen ezagutza nahitaezkoa da, bai eta funtzionalitate hobetzeko ekintzak ere. Modulu honetako gonbidatuak naturguneen ikerketa eta errestaurazio lanetan ibiliak dira eta badute hausnarketarako zer ekarria.
paduren lehengoratzea txingudin:
erronka zientifiko-teknikoa ala
kudeaketa administratibokoa
Aitor
LEKUONA
ALZUGARAI
Biologian lizentziatu (Leongo Unib.) eta Ingurumenean eta Lurralde Antolakuntzan Masterra (Deustuko Unib.) duen hondarribitarra.
Gipuzkoako Foru Aldundian lanean dihardu 2003a ezkero, eta 2015etik Basa Animali eta Landareen Zerbitzuan, hain zuzen ere, Ibai Inguruneko Goi Mailako Teknikari lanpostuan. Bertan ohiko jardunak dituzte: arrantza kontinentala, Natura 2000 sarearen kudeaketa, landare eta animalia espezie mehatxatuen kontserbazioa, espezie inbaditzaileena… Ibilbide profesionalaz gaindi, txikitatik natura eta bereziki hegaztiekiko zaletasun handia izan du.
aurreiritziak gainditzen:
urmaelak eltxoak baino gehiago dira,
biodibertsitatearen altxorrak dira
aitor
cevidanes
miranda
Aitor Cevidanes Miranda albaitaritzan lizentziatua da (Zaragozako Unibertsitatea). Lurreko Ekologian eta Biodibertsitatearen Kudeaketan espezializatu zen Bartzelonan, eta, ondoren, Txilera - Andres Bello Unibertsitatera - eraman zuen Kontserbazioaren Medikuntzaren inguruko doktoregotzak. Egun, NEIKEReko Animalia Osasun saileko doktoretza-ondoko ikerlaria da. Cevidanesen egungo ikerketaren ardatza da “Bektoreak, bektore bidez kutsatutako gaixotasunak eta aldaketa globala”.
Ibilbide oparoan hainbat ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta haren interes zientifiko nagusia aldaketa globalaren eta zoonosien epidemiologiaren arteko erlazioa ulertzera bideratuta dago, Osasun Bakarraren ikuspegitik.
Faunaren kontserbazioa "trantsizio ekologikoaren" atarian
ezagumendua eta kudeaketaren arteko arrakala
joxerra
aihartza
azurtza
1962an Donostian jaioa, Diman bizi da. Biologian Lizentziatua (1989) eta Doktorea (2001). UEUko Natur Zientziak saileko kide da 1985etik, eta bertako Talde Eragileko kide izan zen 1996-2000 eta 2004-2008 bitarteetan.
EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean irakaslea 1993.etik, bertan Ornodunen Zoologia irakasten du, eta Biodibertsitatea, Ekosistemen Funtzionamendua eta Kudeaketa masterreko koordinatzailea da. Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ditu aztergai nagusi, espezieen ekologia espazial eta trofikoa, kontserbazio-biologia eta biodibertsitatea jorratuz. Oro har kontserbazio-arazoak dituzten espezieak jomuga izanik, batez ere ugaztunak aztertzen ditu; saguzarretan espezializatu da, baina beste talde batzuk ere baditu aztergai, tartean ur-satorra eta karniboroak.